Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko - Slavenka Drakulic (Armiarma-kritika)

Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko / Slavenka Drakulic (Amaia Apalauza Ollo) / Txalaparta, 2021

Gerlaren gizalegea, Irati Majuelo / Berria, 2021-10-24

Slavenka Drakulic idazle esanguratsua da Kroazian zein nazioartean Jugoslaviako gerlari buruzko lan mardulak osatzeagatik, eta, ildo horretan, interesgarria da jakitea Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko Balkanetako gatazka korapilatsua lantzen duten beste bi eleberriren ostean idatzi duela, hor kokatu beharra da. Horietako bat, Han ez banengo bezala, Amaia Apalauzak berak ekarri zuen euskarara (Pasazaite, 2018).

Drakulicek perspektiba konplikatu bati heltzen dio lan honetan; izan ere, gerla-kriminalak hartzen ditu jopuntuan. Hala, Hagako Auzitegian kriminalok epaitzerakoan azaleratutako akusazioak, galdeketak eta lekukotzak ditu oinarri liburuak, idazlea bera entzule gisa egon baitzen han. Baina horien jasotze hutsa baino, izugarrikeriaren aurrean gizakiari pizten zaizkion galderak erantzuteko proposamen bat da liburua, horrelako gertakari mingarri baten ondoren zintzilik geratzen diren arrangurei aterabide bat bilatzeko modu bat. Hala, saiakera honek hiru galdera pisutsu gordetzen ditu bere barnean: nola irits daiteke gizon arrunt bat gerra-krimenak egikaritzera? Nola eraikitzen da auzokoaren aurkako gorrotoa? Eta, azkenik, bere buruari eta herrikideei zuzenduta: zergatik geratu ginen isilik?

Lehen pertsonan bizitako guda da eta halaxe adierazten du idazleak, ondorioz, bizipen eta anekdota pertsonalek garrantzi handia hartzen dute epaiketetan jakinarazi ziren datu, akusazio eta ardurez gain. Erantzunak bilatzerakoan, ongia eta gaizkia bereizten saiatzean, idazlearen moralak paper garrantzitsua hartzen du. Izan ere, Drakulicek argi markatzen du gerrak izan zituen zio eta norabideetatik aldentzen dela. Alabaina, ez da neutrala, akusatuaren arabera, idazlearen ahotsak tonu-aldaketa nabarmenak jasaten baititu; bereziki gogorra da Serbiako lehendakari ohiaren eta haren emaztearen kasuan; erraietatik ateratzen den herra hauteman daiteke lerro artean. Kontrara, hilketak egin bai baina halakorik suertatzerik nahi ez zuen soldaduaren kasuan, kontakizun literario baten itxura hartzen du testuak. Beraz, liburuan zehar, zenbaitetan, galdera sortzen da: zer egin zuen idazleak gerra bitartean? Non kokatu zen? Nondik idazten du? Zerk baldintzatzen ditu bere hausnarketa moralak?

Esango nuke azken kapituluak azaltzen duela idazlearen xedea eta interesgarria litzatekeela irakurraldia handik hastea, gakoa baita saiakera bere osotasunean ulertzeko. Gerlaren deshumanizazioari gizatasunetik begiratzeko hautua egiten du idazleak, eta, beraz, agerikoak dira talkak, baina baita interesgarriak ere: mendialdeko arrantzale xume batek bere eskuz 200 herrikide hiltzen amaitu bazuen, gure gisako jende arrunta izanik, gauza bera egiten buka genezake guk ere? Psikologia indibidual eta kolektibora hurbiltzen da arrazoi bila, eta ariketa zilegia da guztiz. Hala ere, zenbaitetan testuinguru politiko-sozialean gehiago arakatzeko beharra sumatzen da.

Azkenik, bereziki eskertzekoak dira itzultzailearen oharrak, gatazka eta pertsona bakoitza kokatzen laguntzeaz gain, liburua idatzi zenetik gaur arte egondako aldaketak azaltzen baititu, bertsio eguneratuago bat eskainiz.

-----------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Armiarma.eus webguneko kritiken hemerotekan dago bilduta irakurri berri duzun testua. Iruzkinak egiteko galdera mordoxka bat dago kritikan bertan, baina inspirazio gehigarririk behar baduzu hona hemen beste galdera batzuk:

- Irakurri duzu liburua? Eta idazlearen beste obrarik? Eta itzultzailearen beste itzulpenik?
- Kroaziako edo garai bateko Jugoslaviako beste obrarik ezagutzen al duzu?
- Beste gatazka bati buruzko libururen bat gomendatuko zeniguke?
- Testigantzak eta bizipen pertsonalak ditu oinarri obra honek. Kontatuko diguzu zuk edo zure inguruko norbaitek bizitako egoera bitxi edo bereziren bat?
- Armiarma.eus webgunean badago beste liburu bat irakurtzeko gogoa piztu dizun kritikarik?

Iruzkinak

  1. Non kokatu gerra garaian? ez da erraza erantzuna birritan pentsatzen badugu. Txikitako "onak eta txarrak" antzezlana atzean geratzen denean, onak zure etsaiak direnean, zure etsai teorikoak zure bizilagunak...
    Hauek dira gerrari buruz pentsatzen dudanean suertazen zaizkidan galderak. Frentera joango nintzateke? ala etxean izkutatzen saiatu? orain emango nukeen erantzuna ez dut uste benetako gerra batean egingo nukeena izango zenik.
    Badut lagun historiadorea eta bere liburuak irakurtzen nabil, gerra zibilaren ingurukoak. Arabako lurretan gertatutakoak jasotzen ditu lehengo lanean, matxinatutako soldaduen artxiboetan eta garaiko prentsa albisteetan oinarritutako lana argitara eman zuen duela urte gutxi. Bertan hainbat sarraski, dokumentu, gertakari eta guztien ostean bere ondorioarekin geratzen naiz.
    Bere esanetan badira gerra garaian hiru talde: matxinatuak, leialak eta tokian tokikoak.
    Azken taldekoa izango nintzatekela uste dut, ni eta besteen artean nire burua aukeratuko nukeela eta ingurukoek egiten dutena egingo nukeela nire larrua arriskuan balego.
    Noraino iritsiko nintzateke? nahiago dut horretan gehiegi ez pentsatu...

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Nire antzera pentsatzen duzu zuk ere Themis. Zer egingo ote genuke guk beraien lekuan egonez gero? Erraz epaitzen dugu, baina inor ez da beraien larrutan jartzen.

      Ezabatu
    2. Ados nator zure azken esaldiarekin: nahiago dut horretan gehiegi ez pentsatu.
      Askotan buruari bueltak eta bueltak ematen egoten gara baina egoeran benetan egon arte ezin erantzunik lortu.
      Gai izango ginateken krimenen bat egiteko? Auskalo. Baina argi dudana da gizakiok bizirauteko jaioak garela.

      Ezabatu
    3. Oso interesgarria diozuena eta nik ere pentsatu izan dut nola jokatuko nukeen gerra hasiko balitz ni bizi naizen tokian.

      Atzerrian eman nituen urte batzuk eta bertan, hizkuntza klasean hain zuzen ere, Ukrainako ikaskideekin harreman estua egin nuen. Orduan ere tentsioa handia zen Errusiarekin eta gerrara deitu zituzten denak. Batzuk joatea erabaki zuten, bertzeek ez, baina ondorio gogorrak jasan zituzten denek. Joan zirenek bizitza arriskuan jarri zuten eta, gainera, zituzten bizi-plan guztiak hankaz gora jarri zituzten gerraren mesedetan. Joan ez zirenetako batzuk familiarekin zuten lotura galdu zuten, familiak ez baitzuen traidorerik nahi hurkoan. Oso gogorra, benetan, bai erabakia hartzerainoko bidea, baita erabakiak ekarri zuen guztia ere.

      Ezabatu
    4. Behintzat aukeratu ahal izan zuten. Gure aiton-amona askok ezin.

      Ezabatu
  2. Testu hau irakurri dudanean zuzenean Netflixen ikusi nuen dokumental/serie bat etorri zait burura: "Cómo se convirtieron en tiranos". Honetan, historian zehar famatuak izan diren hainbat diktadoreren istorioa kontatzen dute modu argi, ironiko eta erakargarri batean.

    Zergatik komentatzen dizuet hau? Bada, pertsona horiek guztiak hasiera batean jende arrunta izan zelako; denboraren eta egoeren poderioz boterera heldu ziren. Dokumentalak ematen dizkigu hainbat galderaren erantzunak: Nola heldu ziren boterera? Zergatik? Zer nahi zuten? Nola lortu zuten denbora luzez boterean jarraitzea?

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Gomendagarria orduan telesaila?

      Ezabatu
    2. Bai, historia gustuko baduzu batez ere. Telesailean saiatuko dira zu azpisuge edo diktatore bihurtzen: zer pauso jarraitu behar dituzun boterera heltzeko eta bertan urteak emateko.

      Ezabatu
    3. Boligrafoa hartuko dut orduan telesaila ikusi eta oharrak hartzeko.

      Ezabatu
  3. Kritika irakurtzen ari nintzen bitartean, Ibairen ikasgaian irakurtzen hasi naizen liburua etorri zait burura: Mikel Perurenaren Su Zelaiak liburua. Liburuak, Ipar Euskal Herriko zenbait mutiko gazteren gerrako ibilerak kontatzen ditu. Drakulick-en tankera, istorioan agertzen diren gazteek ere zenbait galdera egiten dizkie beren buruei, nola iritsi diren zizpa eskuan dutela beraiek bezalako “gizajo” Alemanei tiro egitera besteak beste.
    Nire birraitonak askotan esan izan zigun “beharra bezalakorik ez dago” edota “beharra etortzean denak aldatzen gara” bezalako esaldiak. Eta egia da: gaur egun ere bada gure gizartean limiteak eraginda pentsatu ezin diren gauzak egitera bultzatu duenik ere. Eta auskalo; egunen batean, gu ere puntu horretara hel gaitezke, nork jakin! Bitartean, hobe ez horretan pentsatu ez eta epaitu ere. Batzuetan, egoerak eraginda jokatzen dugu modu horretan.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Guztiz ados zure aitonaren hitzekin, nireek ez zuten halakorik kontatzen oso txikiak baitziren azken gerra garaia oroitzeko. Haiek gosea gogoratzen zuten, italiarren bisita herrira, nola herrikide batek ardo dolarean izkutatua heriotza aurkitu zuen... baina ez gerra bere horretan.

      Ezabatu
    2. Themisi komentatu diodan moduan, hitz batekin laburbildu dezakegula uste dut: BIZIRAUPENA.

      Ezabatu
  4. Ez dut idazle honen libururik irakurri, ez eta antzeko libururik ere. Seguruenik, beste gaia batzuk nahiago ditudalako, niretzako gordinegi, akaso. Buruak beste lekuetara bidaiatzea naramatza.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Askotan errealitateak beldurra ematen digu eta ezjakintasunean lasaiago bizi garelako, agian.

      Ezabatu
    2. Gordinak baina errealak azken finean, deserosoak guztiz. Zurekin bat nator, ez da nire gustuko literatura gerratakoa. Historiari buruz jakitea, ordea, asko gustatzen zait eta Jugoslaviako historia ezagutzeagatik soilik, agian, aukera bat emango nioke liburuari.

      Ezabatu
    3. Askotan, gure kontzientzia babesteko, hobe da ez pentsatsea, ez jakitea, baina gizarte osoak gauza bera egingo balu, bidegabekeriak ez lirateke amaituko.

      Ezabatu
  5. “Gizakia zentzu bila” izenburuko liburua etorri zait burura (Viktor E. Frankl ). Bigarren Mundu Gerran oinarritzen da non gizakiak muturreko egoera baten aurrean nola erantzuten duen aztertzen den.
    Holako liburuak gustuko ditut, horren inguruan ikasteko modu bat baita.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. "Ikasteko modu bat". Ados zurekin Virginia.

      Ezabatu
    2. Alemanek esaten duten bezala: Gogoratu historia ez errepikatzeko.

      Ezabatu
    3. Neuk ere irakurri nuen eta gehien harritzen nauena da aurrera ateratzea lortu zutenak helburu bat zutenak zirela.

      Ezabatu
  6. Egia esanda ez dut liburua irakurri ezta idazlea ezagutu ere. Bainaa bai, egia da, halako konfliktuetan oso zaila izaten da bi aldetako ikuspuntuak ikustea edo eta ulertzea. Are gehiago urrutik ikusten badugu.

    ErantzunEzabatu
  7. Txalaparta argitaletxearen bazkidea naiz eta hilabetero liburu bat jasotzen dut. Liburu hau irakurri nahi dudan liburu zerrenda luzean dut.
    Deshumanizazioa eta urrutiratzea dira gaur egungo gizarteak bizi dituen gaitzetak. Batzuetan, ideologiak itsututa, eta beste batzuetan, taldeko kide izateak inoiz pentsatuko ez genituzkeen gauzak egitera garamatza. Historian zehar asko errepikatu den zerbait da, eta badirudi guda bukatu eta bezain pronto ikasten dugula eta berdin ahazten dugula.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Maria anderea:
      Txalaparta argitaletxean duen zerbitzuagatik galdetzeko idazten dizut.
      Azal dezakezu nola funtzionatzen duen hilero liburu bat lortzeko aukera horrek?
      Aldez aurretik, mila esker.

      =p

      Ezabatu
    2. Maria anderea:
      Nik ere Txalaparta argitaletxean duen zerbitzuagatik galdetzeko idazten dizut.
      Azal dezakezu nola funtzionatzen duen hilero liburu bat lortzeko aukera horrek?
      Aldez aurretik, mila esker. ;))

      Ezabatu
    3. Batzuetan kaxoia ireki eta bertan gordetzen dugula dirudi, ezta? Aurre egin beharrean...

      Ezabatu
    4. Virginia eta Nagore andereak:
      Hilero 30 euro inguru ordaintzen dituzu eta aukeratzen duzu zein hizkuntzetan jaso nahi dituzun liburuak. Ondoren zure etxean liburu bat jasotzen duzu , horrez gain katalogoa bidaltzen dizute eta libururen bat erosi nahi baduzu deskontua egiten dizute.

      Ezabatu
  8. Oraintxe bertan ezagutu dut autorea eta bere obra, baina oso interesgarria iruditu zait, batez ere, nire esparru pertsonalean ere honi buruz egunero pentsatzen dudalako.
    Askotan ikusten dugu horrelakorik telebistan edo egunkarietan, tamalez, nahiko ohituta gaude horretaz. Hala eta guztiz ere, horrelako gauzak bururatzen zaizkigu ikusterakoan: "zorionez hemen horelakorik ez da gertatzen" edo "zein ondo gauden hementxe". Hau ez da hemen ez delako gertatzen, baizik eta, kanpoko albisteekin egiten dugun bezala, beste aldera begiratzen dugulako.
    Gurean ere, arazoak badaude, eta nahiko larriak gainera! Gure begirada aldatu beharrekoa da eta gurera jo beharko dugu: auzora, eskolara, gizartera... Hau da, gure egozentrismotik atera beharko ginateke besteen arazoak, gatazkak, emozioak eta pentsamenduak ikusteko eta ulertzeko prest egoteko.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Hala da! Baina nire ustez, egungo gizartea gero eta deshumanizatuago dago.
      Gero eta tragedia gehiago daude, eta ondikoz, normalizatzen ari gara.

      Ezabatu
    2. Enpatia da burura etorri zaidan hitza zure iruzkina irakurtzerakoan. Enpatia gehiago eta berekoikeria gutxiagorekin gizarte oso bestelakoa izango genukeela uste dut.

      Ezabatu
    3. Hori da Themis, bestearen zapatak jantzi!

      Ezabatu
    4. Asko dugu oraindik hobetzeko eta ikasteko. Falta dena gogoa da.

      Ezabatu
    5. Erreza da konfliktoak kanpotik edo urrutik ikusten ditugunean enpatikoa izatea baina gure burua edo gurearenak ukitzen dituztenean ikusi beharko genuke zenbateraino garen EMPATIKOAK

      Ezabatu
  9. Maialenek egin beharrekoaren azalpena eman duenean, esaldi bat apuntatu dut nire koadernoan:
    " Isiltasun horrek ere elikatzen du egoera". Seguru nago, esaldi honek, askori, gure bizitzako momenturen bat ekarri digula gogora. Niri gaztetako momentuak gogorazi dizkit. Egoera injustuen aurrean isilik geratu nintzen momentu horiek. Isilik eroso gaude, guri ez bazaigu tokatzen lasai gaude, eta hari tokatzen bazaio, ez zaigu guri tokatu. Beldurra sentitzen dugun momentuetan, geure burua babesten saiatzen gara, tamalez, ondokoa pairatzen ari denari musin egin gabe.

    Talde bateko kide izatearen garrantzia transmititzea oso garrantzitsua da, eta hezitzaileak garen heinean, badugu zer egin.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Nire ustez, isiltasun hori da egoera gehien larritzen duena. Argi izan behar duguna honako hauxe da: herriak bakarrik salba dezake herria.

      Ezabatu
    2. Iralen irakurri dudan liburua honi buruz doa, batez ere, gure eskoletan urtero eta zoritxarrez ikusten ditugun kasuekin erlazionatuta. "Etxetik Ameriketara", Enara Garmendiak idatzitakoa. Gustiz gomendagarria!

      Ezabatu
  10. Hemen aipatzen den arira... argi dut pertsonak aldakorrak garela inguruaren eta bizipenen arabera,. Ezin da inoiz esan "hau ez det egingo" , "hau ez det esango", "beti ", ...
    Bizitza oso korapilotsua da eta zuk uste ez duzun mugaraino eraman zaitzake. Horren aurrean hartuko duzun erabaki , nahiz ekintza, auskalo ze tonu edo kolore hartu dezakeen... ezin jakin.
    Hori dela eta, geroz eta gehiago ulertzen ditut edozein jarrera, iritzi edo eta erantzuna., horren atzean zer dagoen dago gakoa!

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Ados nago zurekin! epaitzeari utzi beharko genioke baina.

      Ezabatu
    2. Ados zurekin, Esti. Egoera jakin batean aurrean egon arte, egoera hori bizi arte ez da jakiten nola jokatuko dugun.

      Ezabatu
  11. Lehen aipatu dudana argitze aldera, historia oso garrantzitsua iruditzen zait, baita haren ikaspenak atera ere. Jakintun izan behar gara. Horrek ez du esan nahi, zeure bizitzako momentu batean bestelako gaiak eskatzen badizu hortik paso egiten duzularen seinale denik, ez eta gutxiago ere.

    ErantzunEzabatu
  12. Portzierto, tresna oso baliogarria iruditu zait "kritiken hemeroteka" euskarazko liburu bat aukeratzako.

    ErantzunEzabatu
  13. Ez dut liburua hau irakurri eta en nuen idazle a ezagutzen. Ez dut Jugoslaviako gerrari buruzko libururik irakurri.

    Badago liburu bat gomendatuko nukeena. Aurreko gerra batean giroturik dago, Bigarren Mundu Gerran: Angel Wagesteinen "El Pentateuco De Isaac". isaacek bost nazionalitate izan ditu bere bizitzan bere herria bost nazio desberdinetan egon delako: Austro Hungariar Inperioa, Polonia, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna, Hirugarren Reich, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna berriro ere, eta azkenik, Austria. Isaac judua zen eta bere bizitzan bi Munduko Gerretan borrokatu zuen (Lehenengoan Austrohungariar gudarostean, eta Bigarrenean Sobietarrean) eta hiru konzentrazio-esparrutan sartu zuten preso, bi naziekin eta hirugarrena sobietarrekin. gerra amaitu ondoren; nazien bi konzentrazio eremutik bizirik ateratzea susmagarria zen, eta badaezpada ere preso egon zen beste hamabi urte. Slavenka Drakulicen mezua eta Wagesteinena berdina da: biok deskribatzen dute nola jende arrunta kapaza den, egoera batena sartuta, bere hauzokideak hiltzeko edo salatzeko, Ez du Nazi edo Sobietar botereak seinalatzen, baizik eta jende arruntaren jarrera.

    Etxean, izeba-osabei entzun diet nola gerra zibilean auzoko batek gure amona salatu zuen bere lanpostua lortzeko. Atxilotuta egon zen egun batzuk eta Funtzio Publikotik kanporatu zuten, baina zorionez ez zioten inolako min fisikorik egin.

    ErantzunEzabatu
  14. Nerabetasunean hasierako urratsak ematen hasita nengoen Jugoplastika saskibaloi taldea Europan jaun eta jabe zenean. Txundituta ikusten nituen elastiko horidun jugoslaviar taldearen lorpenak. Baina, bat batean, 1991an hori kolorea gorri bilakatu zen, gerraren kolorea hain zuzen ere.
    Komunikabideetan Jugoslavian gertazen ari zenaren inguruko berriak jasotzen nituen eta niretzako ezagunak ziren Kukoc, Radja, Perasovic edota Ivanovic izenak desagertu eta Mostar, Sarajevo, Bosnia, Serbia edo Kroazia bezalako izen berriak agertu ziren. Izen eta toki berri pilo bat eta nik, 12 urte eskas zituen sakibaloi zaleak, ez nuen ezertxo ere ulertzen. Zergatik? Eta zertarako? Orduan, honek onak dira? Eta nortzuk dira gaiztoak? Nor da Milosevic? Eta Karadzic? Baina ez al dira denak herri berekoak?
    Eta, gaur egun, nerabetasuna alde batera aspaldi utzi nuela ere, galdera askoren erantzuna ez dut batere argi.
    Espainiako Gerra Zibilarekin gertatu zen bezala, oraindik ere milaka galdera erantzuteke daude. Agian, "Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko" historiaren ardatz kronologikoan hain gertu dugun gertakari bortitz horren den errelatua erantzunak bilatzeko abiapuntu egokia izan daiteke.

    ErantzunEzabatu

Argitaratu iruzkina

Blog honetako argitalpen ezagunak

Booktegi - ElkarrizKATEA - Ana Morales eta Iñigo Astiz

Zirriborroak eta gero - Karmele Jaio - Eskailerapeko