EIZIE - Demagun ehun urte barru

EIZIEren webguneak dio: “Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE) irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, modu profesionalean dihardutenena zein itzulpengintzako goi-mailako ikasketak dituztenena. EIZIEk itzultzaile, interprete eta zuzentzaile profesionalak biltzen ditu, eskarmentu handikoak zein hasi berriak. 1988an EIZIE sortu zenetik itzulpengintzak batzen gaitu, euskaratik edota euskarara egiten dugun itzulpen, interpretazio zein zuzenketa lanak, edonon bizi garela ere.”

Gaurkoan itzultzaileen jardunari erreparatuko diogu eta horretarako “Demagun ehun urte barru” obra hartuko dugu oinarri. EIZIEk eta Donostia 2016k elkarlanean argitaratutako lan elebiduna da “Demagun ehun urte barru”. Proiektu honetarako Anjel Lertxundi euskal idazle ezagunak sei lagun –idazle eta itzultzaile– bildu zituen Donostian, hizkuntza ez-hegemonietako literaturaren eta bere etorkizunaren inguruan gogoeta egitera, globalizazioaren eraginpean dagoen testuinguru kulturalean. Abiapuntutzat honako hau hartu zuen Lertxundik: “Gogoan iltzatuta gelditu zitzaidan, badira urte batzuk, Gombrowiczek Czeslaw Miloszi idatzi zion gutun bateko espekulazioa eta liburu honetan bildutako kolaborazioen muina: bi idazle poloniarrek beren nazioko literaturaren etorkizuna zuten gutun-trukaketaren gaia, eta Gombrowiczek ziotson Miloszi, baina ia bere baitarako bezala: “Hemendik ehun urtera, artean gure hizkuntza existitzen bada…”.(…) Polonierak duena bezalako tradizio literario oparoan lan egiten duen idazle batek zalantza hori agertzen badu bere hizkuntzaren iraupenaz, zer esan beharko luke tradizio literario urriko idazle batek, demagun euskaraz ari den batek?

2016ko abenduaren 12an eta 13an elkartu ziren Lertxundiren erronkari baiezkoa emandako idazle eta itzultzaileak eta bideoan jasota daude euren arteko elkarrizketak. Topaketa horien iritzi-trukearen ondoren, nork bere inpresio eta bizipenak jaso zituen liburu hau osatzen duten testu banatan. Idatzi guztiak euskaraz eta gaztelaniaz jaso dira, eta Darrieussecq-en eta Zelik-en jatorrizkoak ere erantsi zaizkio (frantsesez eta alemanez, hurrenez hurren). Sei testu horiez gain, Anjel Lertxundiren eta Harkaitz Canoren saio bana biltzen ditu liburuak. EIZIEren webgunean debalde dago eskura liburua bai pdf, bai epub formatuan.

Liburu honetan itzulpengintzak hizkuntza baten literaturan duen eraginaz, itzultzailearen paperaz eta pareko kontuez ari diren bi pasarte irakurriko dituzu jarraian. Bukatutakoan, irakurri berri dituzun hausnarketetan oinarrituta, zure iruzkin propioak egin beharko dituzu blogean.

Lehenengo testua Karlos Cid Abasolo itzultzaileak liburuan egiten duen hausnarketaren pasarte bat da:

“Nire bizitzako mugarri nagusietako bi honako hauek izan dira: [madrildarra izanik eta Madrilen bizita] euskara ikastea erabakitzea eta, hainbat urte geroago, Madrilgo Universidad Complutenseko Euskal Filologia jakintza arloko irakasle titularra izatea. Bide luzea izan da, hamabost urte nituelarik hasi eta gaur egun ere badirauena. Itzulpengintza ere garrantzitsua izan da nire lan ibilbidean, baina, unibertsitateko lanarekin alderaturik, bigarren mailakoa. Bi jardueren oinarria hizkuntza gutxitu bat izan da, bere herrian bertan hegemonikoa ez dena, salbu eta zenbait herri txiki eta hainbat etxetan, eta XX. mendeko bigarren erdira arte homogeneoa ere izan ez dena. Koofiziala deneko autonomia erkidegoko 15 urtetik gorako biztanletik erdiek ulertzen ez duten hizkuntza bat. Baina puri-purian dagoen hitz bat erabiliz, ni zorte oneko izan nintzen, euskarari esker merkatu-nitxo bat aurkitu bainuen: Madrilen euskara irakasle, eta aisialdian txekieratiko euskaratzaile. Konkurrentziarik ez. Horregatik, neure burua adibide gisa jarrita, eta gaur egun puripurian dagoen pragmatismoa ikurtzat harturik, urtero- urtero, Complutensen hizkuntza hegemonikoen filologietako ikasleei Linguistika irakasten diedanean, alamena ematen diet kontu berberarekin: hizkuntza hegemonikoak ikasteaz gain, hogei milioi hiztun baino gutxiago dituen hizkuntzaren bat ikastea aholkatzen diet, hau da, ingelesarekin edo espainierarekin alderaturik hutsaren hurrengo den (edo, hobeto esanda, ustez hutsaren hurrengoa den) hizkuntzaren bat. “Estudiad, por ejemplo, búlgaro (lengua no hegemónica en Europa pero sí en Bulgaria), traducid a Gueorgui Gospodínov y quizás un día leáis en un periódico digital (es decir, para entonces, en un periódico) que le han dado el premio Nobel”. Hitz horien bidez, bidenabar esanda, pentsatzen dudana eta niri ederki funtzionatu didana aholkatzeaz gain, ikasle horiek beren irakasle askorengandik jasotzen duten mezua indargabetzen saiatzen naiz: hizkuntza hegemonikoaren aldeko diskurtsoa, hizkuntza hegemonikoz osatutako planeta baten aldeko aldarri sutsua egiten duena (beti ere beren hizkuntzak segitzen badu haietako bat izaten). 

Madrilen bizi eta euskara irakasteak edo euskarara itzultzeak badu alde txar-txar bat: beti ere azalpenak eman beharra. “¿Por qué?” “¿Para qué?” Urteak joan, urteak etorri, erantzun egoki bat topatu dut holako okasioetarako: “Porque gracias al euskera puedo pagar la hipoteca”. Hipotekaren azalpen hori jende guztiak ulertzen du. Euskarara itzultzea ez da, niretzat, alferrikako lan bat, ezta gutxiagorik ere, eta baditut hainbat arrazoi horrela pentsatzeko. Besteak beste, honako hauek:
1: Euskarak hiztun gutxi dituelako uste hedatua gorabehera, ez dugu ahaztu behar Kike Amonarriz soziolinguistak behin baino gehiagotan gogorarazi diguna: 0tik 10erako eskala batean (munduko hizkuntza gutxien mintzatuenetatik gehien mintzatuenetara), euskara, gaur egun, 9an dagoela.
(...)
3: Atsegin handia ematen du espainierara itzuli gabeko literatura txekiarra euskaratzeak. Niretzat pribilegio handia izan zen Josef Škvoreckýren ipuin bilduma bat itzultzea, txekieraz Hořskej svĕt izenez ezagutua eta euskaraz Mundu mingotsa izenez, zeina, esan bezala, ezin baita Cervantesen hizkuntzan irakurri. Bide batez esanda, harrigarria da nola Škvoreckýren eleberriak ingelesezko itzulpenetatik itzuli diren espainierara, eta ez txekierazko jatorrizko testutik.
4: Beti esan ahalko dut, harro-harro esan ere, Jaroslav Hašeken Švejk soldadu onaren abenturak jatorrizko testutik Espainian egin eta argitaratutako lehenengo itzulpena neurea izan zela, euskarazkoa. Zenbait urte lehenago, 1980an, Alfonsina Janèsen espainierazko itzulpena plazaratu zuen Destino argitaletxeak, baina txekieratik beharrean zubi-hizkuntza batetik egina, alemanetik, alegia.
(…)
Kunderak [Milan Kundera idazle ospetsuak] itzultzaileon lanaz behiala egin zuen hausnarketa bat, non itzultzaileok gure mamu ikusezin izaeratik erreskatatu baikintuen eta, aldi berean, bere ohiko harrokeria bazter utzita, mea culpa txalogarria aitortu: “Hablo mal de los traductores y es injusto. Están mal pagados, mal apreciados, maltratados y se les piden cosas poco compatibles: estar en todo momento a la altura del autor y, al mismo tiempo, estarle totalmente subordinados. Terrible. Sin embargo, son ellos los que nos permiten vivir en el espacio supranacional de la literatura mundial, son ellos los modestos constructores de Europa, de Occidente”.

Kunderari atseden hartzen utzi eta nire diskurtso apalera nator bueltan. Nire ohiko sorburu-hizkuntzak, txekierak, edozein euskaltzaleren inbidia pizteko moduko hiztun kopurua du: hamabi milioi. Eta, gainera, estatu batean hizkuntza ofiziala izateaz gain, bertako hizkuntza hegemonikoa ere bada. Txekieraren etorkizunak, epe motz eta ertainean bederen, ziurtatuta dirudi. Idazle txekiarrek, normalean, txekieraz idazten dute. Eta horren salbuespenik baldin bada, salbuespen gehienak beste herri batera (normalean, nazioarte mailako hizkuntza hegemonikoa duen herri batera) 1968 urtearen bueltan emigratutako idazleak dira. (…)

Barka, irakurle, gehiegi luzatu banaiz. Buka dezadan behingoz. Nire lan-hizkuntzak, euskarak, agian ez dauka etorkizun ziurra, auskalo non egongo den ehun urte barru, zein hizkuntza multzotan kokatuko duen UNESCOk (baldin eta ordurako UNESCO existitzen bada), baina horrek ez dit eragozten hasierako zaletasun bertsuarekin lan egiten segitzea. Beti lanturuka ibiltzeak ez garamatza inora, ez bada adore faltara eta ezer ez egitera. Ez dakit zein den nire itzulpenek nire irakurle bakanengan sortzen duten efektua. Badakit, ordea, zein efektu eragiten didaten niri, eta hori aski zait, oraingoz behintzat. Bestalde, une honetan burura datozkit espainiera bezalako hizkuntza hegemoniko batera arrakasta eskasarekin itzultzen dutenak. Hizkuntza hegemoniko batera literatura itzultzeak ez du arrakasta bermatzen. 500 milioi irakurlez osatutako merkatu potentzial batera iritsi ahal izatea ilusio huts gerta liteke, errealitate krudelarekin talka egiten duen ilusio huts, baldin eta ez baduzu Martin Lexel edo Juan José Ortega izateko eta Stieg Larssonen Millennium trilogia itzultzeko zortea. Hizkuntza hegemonikoetara literatura itzulpenak egiten dituzten gehien-gehienek (denek ez esatearren, itzultzaile sonatuenak barne) beste jarduera bat dute benetako ogibide. Batzuk eta besteak ez gara, beraz, hain ezberdinak. Hizkuntza gutxitu eta ahul bat, euskara alegia, irakasle eta itzultzaile gisa nire lan-hizkuntza izanari esker, Anjel Lertxundik antolatutako Karta Zuri honetan hartu ahal izan dut parte, atsegin handiz. Mahai berean Anjel Lertxundi, Miguel Sáenz eta Raul Zeliken ondoan esertzea ohore handia izan da azken mamu gorri zoriontsu naizen honentzat. Hirurek, ahoa irekitzen duten bakoitzean, irakasten digute jakituria eta apaltasuna eskutik hartuta joan daitezkeela. Salbuespen militanteak, nire irudiko.”

Bigarrena Miguel Sáenz itzultzailearen ikuspuntua da. Honakoa dio:

"Itzultzailea, mamua ez ezik, liburu itzuliaren egilea da niretzat, besterik gabe. Inoiz ezin da ikusezina izan, bere itzulpenaren egilea baita. Itzultzailea idazlea da. Horregatik, zentzugabea iruditzen zait itzultzailearen “ikusezintasunaz” aritzea. Itzultzailea ezin da ikusezina izan, zeren, nahita edo nahi gabe, itzulitakoan bere arrastoa utziko baitu, bere arrastoak utziko ditu. Ez dago partituraren aurrean desagertzen den musika-interpreterik. Nortasunik ez baldin badu, bere nortasun-falta besterik ez du islatuko. Asko idatzi zuen horretaz Lawrence Venutik.

Oso litekeena da gaur egun literaturaren mundua zentzu desiraezin baten aldera bilakatzen aritzea. Irakurleak edukiak bilatzen ditu, ez formak. Eta literaturaz hitz egiteak ikaragarri gauza zaharkitua ematen du. Itzulpen batek pare bat egunean behar du egina egon, irakurleek eskatzen duten bezala. Alabaina, egiaz al da hori itzulpena, aberastu da xede-hizkuntza, txertatu ote dugu atzerriko obra bat beste kultura batean? Zertaz ari gara? 

Orain urte asko, zehatzago 1976ko azaroaren 22an, ontzat eman zuen UNESCOren Konferentziak Nairobin, bere hemeretzigarren bilera-aldian, itzultzailearen izena obra itzulietan espreski agertzea eskatzen zuen erabaki bat. Harrezkero, dagoeneko konbentzitu dira argitaletxe batzuk itzultzaileak, ustezko mamu horrek, modu ikusgairen batean agertu behar duela itzultzen dituen obretan. Eta atseginez ikusi dut horixe gertatu ohi dela euskaratik gaztelaniara eta gaztelaniatik euskarara egiten diren itzulpenetan.

Itzulpena literatura-lana da, liburu bat da, xede-hizkuntzaren literaturaren zati bat. Zergatik ote da horren zaila ulertzen halako gauza erraza? Herri batzuetan errespetatzen da itzulpena (haien artean Polonian)... Idazle, egile ospetsu batek, ez du itzulpenak egitea mespretxatzen. Errusian, Pasternakek beti esan zuen bere libururik hoberena Goetheren Faustoren itzulpena izango zela, zeinean urte askoan aritu baitzen lanean... Espainian, berriz, oro har, itzultzailea gizajo bat da, ez da inor. Asko dira horren arrazoi historikoak, baina ezin azalduzkoak. Nik neuk, itzultzailearen izena liburuaren azalean agertzea defendatzen dut, zeren, ona edo txarra, harena baita liburua. Itzultzailea zein den jakin gabe liburu itzuli bat erosten ez den egunean, egun horretan kultura-bataila garrantzitsu bat irabaziko da

Zein joango da kontzertu batera jakin gabe zer zuzendarik zuzentzen duen edo zer pianistak jotzen duen? Itzultzailea interpretea da. Musika ez du berea, baina interpretazioa bai. Eta erokeria bat iruditzen zait “itzultzaile ikusezin” batez hitz egitea, hura delakoan pentsa litekeen itzultzailerik hoberena. Onerako edo txarrerako, itzultzailea ez da inoiz ikusezina izango, ezin da ikusezina izan."

Iruzkinak

  1. Oso interesgarria izan da gaurko testua.
    Miguel Saénz-en pasartetik azpimarratuko nukeen esaldia:
    "Zein joango da kontzertu batera jakin gabe zer zuzendarik zuzentzen duen edo zer pianistak jotzen duen? Itzultzailea interpretea da. Musika ez du berea, baina interpretazioa bai."
    Itzultzaileen lanaren kontzientzia hartzea oso garrantzitsua da, eta uste dut asko falta dela aitortza hori lortzeko bidean.
    Bestetik, Karlos Cid Abasoloren kontakizuna izugarri gustatu zait. Meritu handia izateaz gain, erabat enpatizatu dut berak dioenarekin. Oso esanguratsua iruditu zait Txekieratik itzulitakoaz aipatu duena, nola askotan gaztelaniara itzulitako testuak aurretik alemanetik edo ingelesetik itzulitako testuak hartu dituzten eta ez jatorrizko testua. Madrildar euskaldun honen itzulpena izan zen lehena Jaroslav Hašeken Švejk soldadu onaren abenturak jatorrizko testutik itzultzen estatu espainiarrean, eta euskaraz. Bejondeiola!

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Hizkuntza gutxituek duten indarra, lagun! :)

      Ezabatu
    2. Interesik baduzue, Armiarman dituzue debalde Švejk soldadu onaren abenturak: https://www.armiarma.eus/unibertsala/hasek/

      Ezabatu
  2. Izango da irakurzalea ez naizelako, edo gai hauetan ez naizelako iaioa, baina ez naiz inoiz fijatu irakurri dudan liburuetan itzultzaileen izenik agertzen ote zen. Miguel Saenz-en iritzitik oso urrun nago; ez nago alde, ezta kontra ere. Guztiz arrotzak egiten zaizkit bere baieztapenak.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Epaituak sentiarazten gaituenaren sentsazioarekin geratu naiz neu bere hitzekin...

      Ezabatu
    2. Neskak, intuizioak esaten dit oso ikuspuntu interesgarriak dituzuela, baina egia esan ez dut guztiz ulertu zer esan nahi duzuen. Nola "baieztapenak arrotzak" zaizkizula, Themis, edo "epaituta sentitu zarela", Nagore? Segur aski itzulpengintzan guztiz murgilduta nagoelako izango dut ulertzeko halako zailtasuna, baina gustatuko litzaidake zuen iritzia ulertzea, benetan. Azalduko didazue, faborez?

      Ezabatu
  3. Zer deritzozue Miguel Sánezen esaldi honi buruz? Ados zaudete? "Itzultzailea, mamua ez ezik, liburu itzuliaren egilea da niretzat, besterik gabe. Inoiz ezin da ikusezina izan, bere itzulpenaren egilea baita. Itzultzailea idazlea da."

    ErantzunEzabatu

Argitaratu iruzkina

Blog honetako argitalpen ezagunak

Booktegi - ElkarrizKATEA - Ana Morales eta Iñigo Astiz

Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko - Slavenka Drakulic (Armiarma-kritika)

Zirriborroak eta gero - Karmele Jaio - Eskailerapeko